Luis Mari Zaldua Etxabe. 2016
Gipuzkoako saroien lehen aipamen idatziak Aralarkoak dira. Eskuizkribua 1.025. urtekoa da eta Gipuzkoa (Ipuscua) zein Aralar (Haralarre) toponimoen lekukotza zaharrenetarikoak dakartza. Idazki garrantzitsua da oso historiaren ikuspegitik, Gipuzkoa lurralde berezitu moduan aipatzen duen lehenbizikoa delako. Ikertzaile askok jorratutako testua da, baina bada behar moduko arreta izan ez duen xehetasun bat: Aralarko bi saroi aipatzen dira 1.025eko testuan, Heziza zaval eta Hezi caray. Kontua da aurretik haien izaera zehazten duen izen generikorik ez dagoela, baina, zalantzarik ez dago. Hasteko, sasoi hartan, lurraldearen eta ekonomiaren ikuspegitik, Aralarren balioa zutenak saroiak zirelako, eta ez besterik; bigarrenik, eta batez ere, 1.409. urteko zerrendan Eçiça, Eçiça hondarra, Eçiça ydoya, eta Eçyçaray izeneko saroiak azaltzen direlako. Bidenabar, 12. gizaldian, 1.178 aldera, alderdi giputzeko saroi gehiago dokumentatzen dira, beste sei hain zuzen (Arriestarieta, Ezquiaso, Zamilola…).
Zenbat saroi egon ote diren Aralarren? Bada galdera horri beste honekin erantzun dakioke: eta zer da Aralar, noraino iristen da?
Gipuzkoako alderdiko aurreneko aipamenak, esan dugunez, 11. eta 12. gizaldietakoak dira, baina lehen zerrendak 15. mendekoak. 80 zenba daitezke, gutxienera jota. Horrek esan nahi du eremu horretan kilometro koadroko bi saroi zeudela aldi hartan. Gainera, badaiteke saroi gehiago egotea, sarri askotan eskribauek izenak nahastu egiten dituztelako.
Azpimarratzekoa da Enirio-Aralarko Mankomunitateak kudeaturiko lurraldetik kanpo ere saroi ugari zeudela, eta Ataungo alderdian, adibidez, Arin Dorronsorok saroi mordoa biltzen eta lekukotzen du. Hala berean, gauza jakina da Abaltzisketan, Amezketan zein Zaldibian saroiak egon direla (Olako saroi...) eta Nafarroako alderdian ere mordoa zegoela jakite ziurra da. Aralarko saroi txikiek, 6 gorabileko erradioa zuten (82 m). Gustu duenak Arritzaga aldeko saroietan hausterretzak erraz aurkituko ditu. Gaineko aldean gurutzea dute landuta.
Garbi ikusten da saroien hedapena edo banaketa ez datorrela bat mankomunitate, udalerri, probintzia edo erresumen bereizketekin. Saroiak haranen beherean hasten dira (Ataunen, Zaldibian...) eta mendialdeko lekurik garaienetaraino iristen dira ia, edo alderantziz, nahiago bada. Gainera, agerikoa irudi du saroi horiek sare moduko bat osatzen dutela, ez direlako inoiz bakanduak edo barreiatuak azaltzen: saroi batetik gertu beti beste bat dago.
Goierri aldean gaudenez, saroien alderdi garrantzitsu bat azpimarratzeko, Juan Ignazio Iztueta zaldibiarraren hitzak ekarriko ditugu hona: “terreno particular rodeado de monte comunal”. Zuzen dabil, uste izatekoa delako jatorriz saroi guztiak zilegimendietan zeudela, egun Aralarko Mankomunitatean dauden bezala alegia, nahiz eta, denboraren buruan, eremu horiek herri-lur edo norbanakoen jabetza bilakatu, saroi asko baserri bihurtu ziren bezalaxe. Alabaina, saroiei buruzko adierazpen esanguratsuenak beste goierritar batek egiten ditu, Barandiaranek hain zuzen, bere Mitologia Hiztegi zoragarrian:
Esate baterako, Aragón Ruano eta beste hainbat ikertzaileri esker, badakigu Aralarren 18. eta 19. gizaldian baso mozketa handiak burutu zirela, ontzigintzarako, udalek zorrak kitatzeko eta abar. Hain zuzen, Mujikak, Morazak eta haien lankideek mila urte lehenago ere, Erdi Aro Goiztiarrean, Aralarren, gaurko larre-tokietan basoa zegoela egiaztatzen dute. Talde horrek, Arrubi eta Esnaurretan induskaturiko etxola-hondo tumularretan, gainera, argi utzi du aldi hartan behikia gailentzen zela. Aldikako abeltzaintza espezializatuan oinarrituriko ekonomia ereduaren lehen aztarnez hitz egiten dute, 6.-7. gizaldiraino garamatzatenak eta luzaro okupatuak izan ziren etxolez mintzo zaizkigunak.
Uste izatekoa da, paisaia bestelakoa izanik, garai bateko jarduera ekonomikoak ere ez zuela gaurkoarekin antza handirik izango. Eta horrela ematen du, alde handia dagoela. Ikusi al ditu norbaitek azken aldian ehunka burutako eliak edo behi-taldeak Aralarren? Eta ez bakarra, bat baino gehiago baizik. Eta ehunka burutako txerri-taldeak aspaldian? Bada garai batean eliak edo behi-taldeak ibiltzen ziren Aralarren. Behi-talde horiek izen bereziak zituzten eta, Aralarri dagokionean, Orreagako monasterioaren Fraideelia izango da ezagunena segur aski. Okela, esnea, gazta, gurina, larrua eta gorotza emateaz gainera, abereen indarra lanerako eta garraiorako baliatzen zen.
Talde handiak ziren Aralarko eliak, baina zenbat burutakoak? 300-400 burutakoak, batez beste. Jakina, alde batetik bestera, jabearen eta inguruaren arabera, behiki kopurua ez zen berdina, baina badaude aipatu zenbakiak egiaztatzen dituzten zenbait datu. Adibidez, eta Aralarri datxekionez, badakigu 1.452. urtean Orreagako eliak gehienez 350 buru izan zitzakeela.