Ibilbidea

FITXA TEKNIKOA

Data: 2024ko maiatzak 19
Irteera eta helmuga: Tolosa [Gipuzkoa] 
Irteera ordua: 05:00
Distantzia: 68,529 kilometro
Desnibel positiboa: 1.946 metro
Pasagune kontrolak: 7
Edari-postuak: 7
Gehieneko altuera: 1.237 metro [San Migel]
Gutxieneko altuera: 76 metro [Tolosa]
Gutxieneko denbora: 12 ordu
Gehieneko denbora: 16 ordu

Deskribapena

Ibilibidea anitza eta konpletoa da: igoera eta jaitsiera gogorrak ditu, lautadak, belarrezko bideak, lokatza, harria eta errepidea; ibaiak gurutzatzen ditu, basoak, zabal-uneak.
Gainera, ibilbide berean egunsentia Ulitik eta eguzkia sartzen ikusi daitezke, gauez irteten da eta iluntzen hasten denean iritsi.

68.529 m-ko luzera du ibilbideak, 1.946 m-ko desnibel positiboa, 30.375 m errepide asfaltatuetan igarotzen dira, 17.816 m pistaz, 15.338 m mendi-bideetan eta 5.000 m jaitsiera oso maldatsuetan. Ibilbidea osatzen duten mendizaleen kopurua, % 80 eta 90 bitartekoa da, edizioen arabera.

Honako hau litzateke, gutxi gora-behera, ibilibidearen azalpen zehatza, denbora, altitude eta distantziekin.

TOLOSA | GAZTELU | ULI

( 0’ / 76 m / 0 km)
TOLOSA. Berazubi auzoa

Zumardi Haunditik, Berastegi erreka utzita, Leaburuko errepidea hartzen da. Arkaitzondo baserria eskuinetara ikusi ondoren, Ibarrako lurraldean sartu eta Gurutzeaga baserria ezkerretara uzten dugunean, aldapaz gora hasten gara. Otarre baserriaren ondoren Leaburuko lurraldean, Baratzondo baserria.

(30’ / 242 m / 2,6 km)
San Sebastian ermita

Kilometro bat oraindik, errepidez, aldapan behera. Balenka baserria ezkerrean.

(40’ / 190 m / 3,5 km)
Mahala

Mahala baserriaren ondoan, eskuineko bideari jarraituko diogu. Erreka pasata gogotik igotzen hasten gara eta, ondoren, berriz errepidera.

(57’ / 320 m)
Zabale

Zabale eta Lurberatik, berriz errepidez, kilometro erdi bat inguru, eskuineko bidea hartu arte. Gazteluko baserrietara iristen gara. Elketa, Etxeberri, Martintxo ezkerretara; Aritzaga eta Erregene eskuinetara.

(1,18’ / 452 m / 6,5 km)
GAZTELU

Bide zabala, Goienetxe eta gero Iriarte baserrien ondotik pasa ondoren, igotzen hasten da. Hemen bi aukera ditugu.

Betiko bidetik, Gaineta eta Otalatsen arteko lepotik (Artubi), Pago Muttegiraino (645 m).

Gainetaren ezkerraldetik. Hemendik: eskuinetik Anakarko zuloraino (620 m) jaitsi eta gogor igota Anakartik Boketera doan bidetik. Ezkerretik Ilarragako langatik (675 m), Berastegiko lurretatik jaitsi (650 m) eta ondoren, Anakarko zuloa eta gaina eskuinetara utzita, berriz ere goruntz.

(2,05’ / 699 m)
Boketeko lepoa

Basoa atzean gelditu da eta inguruko eta urrutiko mendiak ikusteko aukera dugu. Hegoaldera begiratuz Aralar mendikatea Altxuetatik Txindokira; gaur nondik nora ibili behar dugun antzematen hasiko gara. Aralarren aurrean Elosta, Urkita; eskuin aldean Añi-Otsabio mendikatea; han urrutian berriz, Aizkorri. Jadanik Orexako lurraldean gaude eta Solizarrengo zelaietatik barrena, aurrean daukagun Uli mendirantz abiatuko gara (Orexa herria eskuinetara, mendiaren magalean). Basoan sartu eta orain Gazteluko lurraldean gaude.

(2,20’ / 692 m / 11,8 km)
Uli

Berastegi-Gazteluko mugan, Mikeleteen etxea izandakoaren horma zaharrak besterik ez dira gelditzen. Aldamenean, “Uliko atseden eremua”, txabola, iturria eta eserlekuekin.

ULI | MERKU | GORRITI

(2,20’ / 692 m / 11,8 km)
ULI

Pinudia pasata, igotzen hasten gara eta berriz ere Lizartzako zati batetatik goazela, lepora iristen gara eta Nafarroako muga pasatzen dugu, Aresoko lurraldean. Hurrengo zazpi orduak Nafarroako herri eta mendietan barrena igaroko ditugu.

(2,40’ / 850 m)
Zotune

Ulizarreko bi punten artean. Orain arteko garaiera handiena da eta datozen lau orduetan beherago ibiliko gara. Minutu gutxitan ia 200 metroko gainbehera egin ondoren topatuko dugu lepo hau.

(3,05’ / 663 m / 15,3 km)
MERKU

Ondoren maldaz gora pagaditik zehar Musaioraino (795 m). Aresoko lurraldea utzi eta Araitz eta Larraun arteko mugatik, Pagozelaietatik barrena jaisten jarraituko dugu.

(3,40’ / 690 m / 18,7 km)
GORRITI

Larraun ibarreko Udala osatzen duten 17 herrien artean 2.000 biztanle besterik ez dute. Gorriti da Larraungo lehenbiziko herria eta 3 ordu ingurutan Udal honen lurraldeetatik jarraituko dugu.

GORRITI | AZPIROTZ | LEKUNBERRI

(3,40’ / 690 m / 18,7 km)
GORRITI

Azpirotzera zioan galtzada zaharra porlanezko pista bihurtu zen autobiaren eraginez. Hego aldera hasieran, Elosta eta Aburugaine arteko ordeka pasa arte, eta ondoren sortaldera.

(4,10’ / 590 m)
Lopiñamendi

Mendi zakar honetan belaze eder bat eskuinetara. Bideak zelai jarraitzen du.

(4,25’ / 550 m / 22,4 km)
AZPIROTZ

Azpirotzera goialdetik sartzen gara. Elizaren azpialdetik Pagolletako gaina inguratuz, autobia eta errepide zaharraren artetik Huitziko gurutzeraino, eta ondoren Lekunberrira errepidez.

(5,15’ / 574 m / 26,7 km)
LEKUNBERRI

Lekunberrira iritsiera.

LEKUNBERRI | BURNIGURUTZE | SAN MIGEL

(5,15’ / 574 m / 26,7 km)
LEKUNBERRI

Baraibarko bidegurutzera eramango gaituen bide bat hartuko dugu eta Madozeko errepidea alde batera utzita, Iribas aldera errepidez jarraituko dugu.

(5,40’ / 623 m / 29,5 km)
Iribas

Errepidea bukatzen da. Iturri ederra gure egarria asetzeko, baita ere aska bat, freskatu nahi izanez gero. Larraun ibaiaren Aitzarretako iturburuaren ingururaino, pista zabal batetik, eta ondoren gurdibidetik jarraitzen dugu.

(6,15’ / 780 m)
Txuritxoberri

Txuritxoberriko trikuharria, bidearen ezkerretara. Iruzelaieta pasata, hegoalderantz goraka jarraitzen dugu, basoan denbora gehienean. Igoera honetan Uharte Arakilgo lurraldean sartzen gara.

(6,40’ / 967 m / 34 km)
BURNIGURUTZEko lepoa

Bide motzean Zinegurutze, Izeniturri eta Arrate-ilunetako trikuharri edo dolmenak ikusteko aukera daukagu. Atako ibarluzea ezkerraldera. Hemen elorri zuriak dira nagusi. Errekari jarraituko diogu Zubigoien aldera. Bertan, Iturriotz (960 m).
Mendebaldera orain, berriro igotzen, pago ederren artean. Gure aurrean Altxuetako tontor zorrotza. Ezker aldera jarraituz, San Migel ageri da gure parean. Madozko Apezaren Harripilan gaude.

(7,55’ / 1.237 m / 38,4 km)
SAN MIGEL

San Migelera iritsiera.

SAN MIGEL | GUARDETXEA | IGARATZA

(7,55’ / 1.237 m / 38,4 km)
SAN MIGEL

Mendian behera abiatuko gara, garai bateko telegrafoaren bideari jarraituz. Laster Uharte Arakilgo lurraldetik atera eta Aralarko Erregeneara sartzen gara.

(8,30’ / 1.050 m / 41,7 km)
GUARDETXEA

Lekunberritik San Migela datorren errepidea utzi eta pagaditik jarraitzen dugu. Bidea Erregeneatik doa baina oso bertan ditugu Arruatzu, Lakuntza eta Arbizuko lurraldeak. Ezkerretara Otsotesareko trikuharria ikusiko dugu, pagoartean, eta igotzen, Eulatz mendiaren magalean Kolosobarneko Arratera iristen gara (1150 m).

(9,15’ / 1.140 m / 44,8 km)
Intzazelai

Basotik atera gara eta Pagomarin aldapaz gora abiatzen gara. Pagomariko gainean (1.210 m) pagadian sartzen gara berriz Mandarrateraino, eta hemendik aurrera ez dugu basoa ukituko. Ezkerretara Ormazarreta. Nafarroan zehar egindako ibilaldia bukatzen zaigu eta muga, Errenagako mendian 1.250 metroko alturan (ibilbidearen tokirik altuena) pasako dugu. Hemen Nafarroako Erregenea utzi eta Enirio-Aralar mendietara sartzen gara; iparraldean, oso bertan beheraxeago, 1928. urtean Aralarko Adiskideek eraiki zuten Igaratzako “Refugioa”. Bertan Elizatxoa eta aterpe publikoa. Bista altxatzen badugu, Pardarri, Uarrain, Ganbo inguruak; ezkerretara Putterri; Atzean, urruti, San Donato, Andi Mendia, Urbasa; eskuinetara, Desamendi.

(9,55’ / 1.233 m / 47,3 km)
IGARATZA

Igaratzara iritsiera.

IGARATZA | AMEZKETA

(9,55’ / 1.233 m / 47,3 km)
IGARATZA

Aterpetik atera eta laster zelai eder batetan gaude. Ezkerretara bi trikuharri ikus ditzakegu. Perilekun gaude “Indikadorea” eta bere orientabide mahaia ikusiko ditugu eta laster zelaia bukatu eta Igaratzako Arratean jaisten hasten gara. Amabirjinarri ikusi ondoren, laster Pardelutsko iturria.

(10,30’ / 1.055 m / 50,2 km)
Pardelutsko iturria

Eskuinetik denbora luzez jarraituko dugu, azkenean ezkerretik Amezketara iristeko. Ibarra sakona, gero eta gehiago sakontzen doana. Ezkerretara Pardarri, Ganbo, Maizolatz, Salingain, Uzkuiti, Larraone mendiak, eta hauen magalean Pardeluts, Zotaleta, Etitze, Ariñate… saroeak. Eskuinetara berriz, Aldaon, Beoin, Oakorri, Artubi, Zabalegi mendi muturrak eta Latosa, Astarte, Buruntzuzine… saroeak. Errekaren eskuin aldera pasata, Arritzagako txaboletan gaude (940 m), eta geroxeago Bokarte iturrian.

(11,10’ / 880 m)
Arritzagako meatzea

Uniotik ateratzen gara, Amezketako lurraldean sartuz.

(11,35’ / 675 m)
Akeloko bihurguneak

Lehengo belarbidea bukatu zaigu eta harri kozkorreko bide gogorra izango dugu Amezketaraino. Anduitzko borda eta bere aurrean Anduitzko aitzorrotza, hainbeste eskaladoreen ikaslekua. Bere azpialdean ezkerretara pasa ondoren Beatza.

(11.55’ / 440 m)
Beatza (Berazeaga)

Errekaz bestaldera pasatzeko tokia. Hemendik aurrera gurdi bidetik Amezketako baserriak bistan dauzkagularik.

(12,25’ / 220 m / 57 km)
AMEZKETA

Amezketako Eliza (Ergoienan), eta laster Aierbenea.

AMEZKETA | ALEGIA | TOLOSA

(12,25’ / 220 m / 57 km)
AMEZKETA

Hemendik aurrera, zoritxarrez, gehienbat errepidez joan behar dugu Tolosaraino, Amezketa erreka jarraituz hasieran eta gero Oria ibaiaren ertzetik. Paperolaren ondotik, Amezketako plazara. Ugarteko auzoa. Orendaingo mugaren ondotik goaz, Alegiako lurraldean sartu arte. Eskuinetik, Amezketa errekari Arterrekaren urak batzen zaizkio.

(13,30’ / 100 m / 63,9 km)
ALEGIA

Alegin sartu eta Tolosa aldera hartzerakoan, bidegorria jarraituko dugu, trenbidearen azpitik pasa eta ur bidean zehar emango ditugu azken pauso hauek Artzabaltza Paperola izandakoaren lurraldetara inguratuz. Eskuinetara, gainean, Ollaun mendia; ezkerretara berriz, Aldaba-txiki auzoa. Olarraingo auzotik, Oria ibaiaren eskuinean irekitako bideak, Laskorain Ikastolara eramango gaitu, Araxes ibaia oinezkoentzako zubitik zeharkatu ondoren. Minutu gutxi barru, Berazubin bukatuko dugu gure ibilaldia.

(14,30’ / 76 m / 68,5 km)
TOLOSA

Tolosara iritsiera.

ETOR ZAITEZ MENDIZALETASUNAREN FESTA HONETARA!

XIV ORDUKO IBILALDIA
14 orduko ibilaldia kirol ekitaldi bat da eta Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen duten mendietan zehar egiten den txangoa da, ia 70 km- dituena. Tolosatik irten eta Tolosara iristen da Ibarra, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri, Baraibar, Iribas, Uharte Arakil, Amezketa, Alegia, Altzo eta Tolosa-ko udalerriak igarota.
© 2024 / 14 Orduko Ibilaldia. Web design by Dosges