artikuluak

Txindokiko ertza

Ramón Olasagasti, 2012

Hirurogei urte bete ziren iaz Jose Maria Peciña, Antxon Saenz de Basagoitia eta Jose Bernardo Arrate tolosarrek Larrunarriren ertz zorrotza lehen aldiz eskalatu zutela. Geroztik, Aralarko eta Euskal Herri osoko eskalada bide dotoreenetakoa bihurtu da Txindokiren mendebaldeko bizkarrezurra.

Euskal Herriko mendi tontorren soslaia apala da oro har, leuna eta gozoa. Bada, ordea, mendi bat bereziki harroa, bere gandorra oilarrik oilarrenak baino harroago agertzen duena: Larrunarri edo Txindoki, Aralarko gailurrik oldarrena, Gipuzkoako Goierrira bere moko zorrotza erakusten duen mendia. Ertzari itzuri egin, eta Oria iturritik edo Muitzetik Egurralgo lepora eta handik tontorrera igotzen ziren lehen eta igotzen dira orain mendizalerik gehienak. Ertza zorrotza zen lehen eta ez da batere kamustu orain.

Txindokiko ertza bera baino zorrotzagoa omen zen kasik Jose Maria Peciña tolosarraren begiratua. Haren begiek eta nortasunak indar berezia zutela diote ezagutzen zutenek. Txindoki bere laban ahotik eskalatu behar zuela tematu zen PeciЦa, eta Antxon Saenz de Basagoitia eta Jaume Rañe katalana inguratu zituen erronkari aurre egiteko. Lehen biak Tolosa Elkarteko kideak ziren eta Rañe, berriz, Kataluniako Centre Excursioniste elkarteko kidea. 1949. urteko azaroan egin zuten lehen saioa. Oso gora iritsi ziren, baina bederatzi orduko ahaleginaren ondoren haize aldaboi indartsu batek atzera eginarazi zien. Hala azaldu zuen Peciñak berak garaiko Pyrenaica aldizkarian: “Haizeak ez zigun ertzaren gainean zutik egoten uzten. 25 metroko rapel bat egin behar izan genuen ipar alderantz, eta gero basoan jarraitu genuen.

Rañek laugarren graduko eskaladatzat jo zuen ertza, eta horrek hauspotu egin zuen Peciñaren eta Saenz de Basagoitiaren adorea. Hurrengo urtean, 1950ean, berriro saiatu ziren, Peciña, Saenz de Basagoitia eta Jose Bernardo Arrate. Bigarren saialdian, bat-bateko ekaitz batek galarazi zien ertza amaitzea, zazpi orduko eta erdiko eginahalaren ondotik. Aurreko saioan baino bost metro gorago iritsi ziren hiru mendizaleak.

1951n, tematuta, berriro ekin zioten Larrunarriko ertzari Peciñak, Saenz de Basagoitiak eta Arratek. Urriaren 21ean abiatu ziren Larraitzetik Oria iturriko ohiko bidean gora, soka eta beharrezko material guztia motxila bakar batean bilduta. Bihurguneetako batean artzain batekin egin zuten topo eta hark arratsaldeko hiruretarako euria iragarri zien. Goizeko 9:32etan hasi ziren lehenbiziko diedroan gora. Iltze bat han, bestea hemen, egurrezko takoak tartean-tartean, halaxe joan ziren tximiniak eta zailtasun handienak gainditzen. Hamaikak aldera harlauza itxuraz oso zail batera iritsi ziren. “Eskalatzeko modukoa izango ote da? –idatzi zuen gerora Peciñak–. Itxura batean zaila da oso, baina bi iltzeren laguntzarekin erraz eskalatu dugu. Oharren koadernoan “placa bonita” izendatu dugu. Gera bedi, beraz, izen horrekin”.

Halaxe iritsi ziren aurreko bi txandetan gainditu ezin izan zuten tximiniara. Aurrekoan baino hiru aldiz azkarrago heldu ziren hara. Tximinia, ordea, aldatuta zegoen. Nonbait, udaberrian harkaitz bloke handi samarrak amildu ziren inguru hartan. Ordu laurdeneko atsedena hartu zuten indarrak osatzeko. Berriro ere eskaladari ekitear zirela, Amezketako kanpai hots urrunak eguerdiko Angelusaren ordua iragarri zien. Zalantzak, duda-mudak, beldurrak… Bi ordu behar izan zituzten doi-doi 20 metroko pasarte hura eskalatzeko.

“Hura gaindituta, harkaitza hautsita dago, beheran baino gehiago. Hala ere, ertza garaitu dugula iruditzen zaigu. Laino itsusi samarrak ageri dira zeruan eta bizkortu egin dugu pausoa kareharrizko bloke handien gainean. Azkenik, 14:45ean iritsi gara gailurrera. Gure irrintzi ozenak udazken arratsalde honetan haizatu dira. Handia, ikaragarria da gure poza. Txindoki ez zitzaigun inoiz hain eder eta distiratsu agertu. Hura igotzeko egin dugun borroka guztiak emango zion ausaz distira hori”, idatzi zuen PeciЦak eskaladari buruzko kronikan. Etorkizun oparoa iragarri zioten ertzari, eta hirurogeitaka urte geroago denborak arrazoi eman die. Eskalada bideetan klasikoetan klasikoa bihurtu da Txindokikoa. Dotoreetan dotoreenetakoa.

ETOR ZAITEZ MENDIZALETASUNAREN FESTA HONETARA!

XIV ORDUKO IBILALDIA
14 orduko ibilaldia kirol ekitaldi bat da eta Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen duten mendietan zehar egiten den txangoa da, ia 70 km- dituena. Tolosatik irten eta Tolosara iristen da Ibarra, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri, Baraibar, Iribas, Uharte Arakil, Amezketa, Alegia, Altzo eta Tolosa-ko udalerriak igarota.
© 2024 / 14 Orduko Ibilaldia. Web design by Dosges