artikuluak

Aralarko meatzaritza

Mertxe Urteaga. Kultura Zuzendaritza Gipuzkoako Foru Aldundia.

Mendialdeen ezaugarri bat da, besteak beste, meatokiak edukitzea. Izaera hori formazio geologikoaren prozesuari lotuta dago, eta horrek, Aralarren kasuan, bi fase nagusi hartzen ditu. Lehenengoan, duela 150 milioi urte baino gehiago, sedimentu-metakinak pilatzen joan ziren, itsasokoak zein kontinentekoak; bigarrenean, duela 40 milioi urte inguru, alpetar tolestura izenaz ezagutzen den horretan, sedimentu horiek tolestu eta igo egin ziren, Iberiako eta Europako plaka tektonikoen talkaren ondorioz. Fase horretan bertan, Piriniotako mendikatea azaleratu zen.

Aralarko harri nagusiak geruza masibo handietan agertzen diren kareharriak dira; horien artean txertatuta gorde ziren fase sedimentarioan pilatutako mineralak. Kareharriak dira, halaber, Aizkorri mendilerroko, Anbotoko edo Izarraitz mazizoko harkaitz nagusiak, baita inguruko beste hainbeste menditakoak ere. Eta horietan guztietan daude meatokiak, batez ere burdinarenak, nahiz eta berunarenak eta zilarrarenak ere badauden. Baina Aralarren, gure geografian ia bakarrak diren kobre meak nabarmentzen dira.

Meatzariek meategien inguruetan hartzen zuten ostatu, oraindik bertan dagoen eraikin luzanga batean, zeina mendiko aterpe gisa berregokitua baitago. Jarduera horretatik beste ebidentzia batzuk ere geratu dira, hala nola biltegiak, plano inklinatuak, zabortegiak eta minerala kable bidez garraiatzeko erabiltzen zen makineriaren hondakinak…

Aralarko kobrea

Kobre zain nagusiak kareharri artean tartekatuta aurkitzen dira, Buruntzusin inguruan, Arritzaga ibarraren arroaren goiburuan, Igaratzaren oinean. Meatokiak eskuineko magalean zabaltzen dira, Buruntzusinen eta Uakorri tontorraren artean.

Paisaia erdi-mendikoa da, abeltzaintza erabilerako larreak nagusi direla. Malda handiko erliebe malkartsua da, kareharrizko substratu baten gainean modelatua, eskisto eta argiliten azaleratzeekin ukipen aldeak dituena. 1.000 metrotik gorako altueran kokatuta egoteak giza okupazioa baldintzatzen du, zeina mugatzen baita maiatza eta azaroa bitartean artzaintzako urtaroko kokaguneetara.

Aralarko meatzaritza modernoa

Arritzagako meatze barrutia jardunean egon da joan den mendeko hirurogeiko hamarkadara arte. Zainak galeria sakonen bidez ustiatzen ziren, eta mineralak ingurumarietan birrindu eta garbitzen ziren, eta aireko kable bidez garraiatzen ziren Amezketaraino, non meatzaritza konpainiaren bulegoak zeuden eta langileen familiak bizi ziren. Meatzariek meategien inguruetan hartzen zuten ostatu, oraindik bertan dagoen eraikin luzanga batean, zeina mendiko aterpe gisa berregokitua baitago. Jarduera horretatik beste ebidentzia batzuk ere geratu dira, hala nola biltegiak, plano inklinatuak, zabortegiak eta minerala kable bidez garraiatzeko erabiltzen zen makineriaren hondakinak.

XVIII. mendean hasitako aurreko fase batean, meatzaritzako herrixka bat, minerala prozesatzeko lantegiak eta galdategia egon ziren Arritzagan (ustiapen modernotik 500 metro gorago); han bizi ziren meatzariak, administratzaileak eta teknikariak, horietako asko alemaniar jatorrikoak. Goialdean, Menor Parte sozietatearen labea eta tailerrak zeuden; beherago, berriz, Mayor Parte sozietatearen bi labe eta eraikinak zeuden, bi konpainien eraikin komunekin batera, horien artean, zentro erlijiosoa eta bi taberna. Hasiera batean, meatzaritza enpresa bakarra izan zen, baina 1752. urtean bitan banatu zen, Menor Parte eta Mayor Parte izenak hartuta, hurrenez hurren. Meatzaritza eta mineral-kontzentratze lanak komunak ziren bi konpainientzat, eta lortutako produktua adostutako proportzio batean erdibanatzen zuten.

Historiaurreko meatzaritza

Aspaldidanik ezagutzen da trikuharriak eta tumuluak daudela Aralarren; horietako batzuek egitura ikaragarriak dituzte, hala nola, Jentilarrik. Zaharrenek 4.000 urte baino gehiago dituzte, eta haien eraikuntza Kalkolitoan edo Kobre Aroan datatzen da, milurteko batean baino gehiagoan berraprobetxatuak izan ziren arren, Brontze Arora arte.  Inork ez zekiena da kobre meatzaritza data horietarako jardunean zegoela

Felix Ugarte Espeleologi Taldearen espeleologoen eta Arkeolan Fundazioko arkeologoen arteko elkarlanari esker, antzinako meatzaritzaren testigantzetan oinarritutako ikerketa ildo berri bat ireki da Aralarren. Orain arte, 3.000 urte baino gehiagoko lekukotza garrantzitsuak katalogatu dira; indusketa arkeologikoak ere egin dira, eta, horiei esker, lan-tresnak berreskuratu dira, bai eta lan-prozesuei buruzko informazioa ere.

Orain badakigu azurita zainek (urdinak) eta malakita zainek (berdeak), euren kolore ikusgarriengatik azaleran ikusgai daudenek, zainak non zeuden jakitea ahalbidetzen zutela, eta horiek putzu eta galerietan ustiatuak izan zirela. Antzinako meatzariek sua erabiltzen zuten arrokak biguntzeko, eta orein adarrez egindako pikotxa eta zurezko maza handi landugabeak erabiltzen zituzten minerala kentzeko. Behien omoplatoak erabiltzen zituzten biltzaile gisa, eta meategian bertan tratatzen zuten minerala, hura xehatuz, zati aberatsenak hautatuz eta fundizioak han bertan eginez.  

Ikusitako ebidentzien arabera, historiaurreko meatzaritza-lanak urte askoan luzatu ziren, eta tona eta tona harri mugitu ziren zainetara iritsi ahal izateko. Lan ikaragarria izan zen, eta oraindik asko dago ezagutzeko: nor ziren? Non bizi ziren? Trikuharriak aprobetxatu zituzten beren jendea lurperatzeko?

Badakigu, ordea, Aralarren aurkitutako Brontze Aroko meatzaritzaren lekukotzek toki nabarmena dutela penintsulako panoraman, eta informazio interesgarriak ere ematen dituztela maila geografiko handiagoko ikerketetarako, baita Europakoetarako ere.

ETOR ZAITEZ MENDIZALETASUNAREN FESTA HONETARA!

XIV ORDUKO IBILALDIA
14 orduko ibilaldia kirol ekitaldi bat da eta Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen duten mendietan zehar egiten den txangoa da, ia 70 km- dituena. Tolosatik irten eta Tolosara iristen da Ibarra, Leaburu, Gaztelu, Berastegi, Orexa, Lizartza, Areso, Gorriti, Azpiroz, Lekunberri, Baraibar, Iribas, Uharte Arakil, Amezketa, Alegia, Altzo eta Tolosa-ko udalerriak igarota.
© 2024 / 14 Orduko Ibilaldia. Web design by Dosges