( 0’ / 76 m / 0 km)
TOLOSA. Berazubi auzoa
Zumardi Haunditik, Berastegi erreka utzita, Leaburuko errepidea hartzen da. Arkaitzondo baserria eskuinetara ikusi ondoren, Ibarrako lurraldean sartu eta Gurutzeaga baserria ezkerretara uzten dugunean, aldapaz gora hasten gara. Otarre baserriaren ondoren Leaburuko lurraldean, Baratzondo baserria.
(30’ / 242 m / 2,6 km)
San Sebastian ermita
Kilometro bat oraindik, errepidez, aldapan behera. Balenka baserria ezkerrean.
(40’ / 190 m / 3,5 km)
Mahala
Mahala baserriaren ondoan, eskuineko bideari jarraituko diogu. Erreka pasata gogotik igotzen hasten gara eta, ondoren, berriz errepidera.
(57’ / 320 m)
Zabale
Zabale eta Lurberatik, berriz errepidez, kilometro erdi bat inguru, eskuineko bidea hartu arte. Gazteluko baserrietara iristen gara. Elketa, Etxeberri, Martintxo ezkerretara; Aritzaga eta Erregene eskuinetara.
(1,18’ / 452 m / 6,5 km)
GAZTELU
Bide zabala, Goienetxe eta gero Iriarte baserrien ondotik pasa ondoren, igotzen hasten da. Hemen bi aukera ditugu.
Betiko bidetik, Gaineta eta Otalatsen arteko lepotik (Artubi), Pago Muttegiraino (645 m).
Gainetaren ezkerraldetik. Hemendik: eskuinetik Anakarko zuloraino (620 m) jaitsi eta gogor igota Anakartik Boketera doan bidetik. Ezkerretik Ilarragako langatik (675 m), Berastegiko lurretatik jaitsi (650 m) eta ondoren, Anakarko zuloa eta gaina eskuinetara utzita, berriz ere goruntz.
(2,05’ / 699 m)
Boketeko lepoa
Basoa atzean gelditu da eta inguruko eta urrutiko mendiak ikusteko aukera dugu. Hegoaldera begiratuz Aralar mendikatea Altxuetatik Txindokira; gaur nondik nora ibili behar dugun antzematen hasiko gara. Aralarren aurrean Elosta, Urkita; eskuin aldean Añi-Otsabio mendikatea; han urrutian berriz, Aizkorri. Jadanik Orexako lurraldean gaude eta Solizarrengo zelaietatik barrena, aurrean daukagun Uli mendirantz abiatuko gara (Orexa herria eskuinetara, mendiaren magalean). Basoan sartu eta orain Gazteluko lurraldean gaude.
(2,20’ / 692 m / 11,8 km)
Uli
Berastegi-Gazteluko mugan, Mikeleteen etxea izandakoaren horma zaharrak besterik ez dira gelditzen. Aldamenean, “Uliko atseden eremua”, txabola, iturria eta eserlekuekin.